Ondorioak

Honaino heldu bazara Sarreran planteatu zaizun ataza burutu duzula esan nahi du. Zorionak!

Helmugara helduta pentsa genezake sekuentzia honekin irakasleak lortu nahi zituen helburuak eta garatu nahi zituen konpetentziak erabat barneratu dituzuela. Baina benetan horrela al da? Ataza gauzatzeak bakarrik hori bermatzen duela ziur zaude? Taldeko kide guztiek hasierako helburuak neurri berean lortu dituzuela iruditzen zaizu? Hausnarketa pixka bat egiten baduzue konturatuko zarete ikasle bakoitzak desberdin "ikasi" duela. Norberak dituen gaitasunen arabera, jarrera pertsonalaren arabera edota lanean hasi aurretik zituen aurrezagutzen arabera, lorpenak ere desberdinak izan direla onartu beharko zenuteke.

Zeregin berrietara salto egin aurretik, jarraitu duzun ikaskuntza prozesuaren inguruan hausnartzea beharrezkoa duzu. Topatu dituzun arazoak, izan dituzun eragozpenak, erraztasunez burutu dituzun zereginak, hobetu behar dituzun alderdiak, zure indarguneak, eta abar identifikatzea, nola ikasten duzun ulertzeko beharrezkoa da. Ikaskuntza prozesua auto-erregulatzeko gaitasun hau garatzea (ikasten ikastea, alegia) ezinbestekoa da etorkizunean topatuko dituzun ikaskuntza behar berriei modu autonomoan erantzuteko.

Kontua ez da horrenbeste amaierako "produktuaren kalitatea" baloratzea. Hori baino gehiago da. Lehen jardueratik azkeneraino jokoan ipini dituzun aurre-ezagutzak eta ezagutza berriak, jarraitu duzun prozesua, erabili dituzun ikaskuntza teknika eta estrategiak eta azaldu duzun jarrera gainbegiratzea eskatzen zaizu. Badakit ez dela ariketa erraza, inoiz egin ez duzun zerbait eskatzen ari natzaizula. Tira, lasai, laguntza izango duzu. Bakar-bakarrik eskatzen zaizu azken "ariketa" hau seriotasunez eta arduraz egitea eta bertatik zuk zeuk aterako dituzun ondorioak, hurrengo proiektuan hobeto ibiltzeko baliagarriak izatea. Hala bada, baliteke hori izatea zure ikasle bizitzan jasoko duzun ikaskuntzarik garrantzitsuena.

Esan bezala, ez larritu ariketa honekin. Baliteke ez jakitea oso ondo nondik hasi ariketa hau egiten. Lasai, azpian dituzu zure hausnarketa pertsonalerako erreferentzi bezala erabil ditzakezun galdera batzuk. Lehen sekuentzia honetan zerrenda luzea izango duzu. Hurrengoak egiten ditugun heinean, zerrenda murrizten joango da. Ea ikasturte amaierarako gai zaren barne hausnarketa hau horrelako laguntzarik gabe egiteko ;-)

1) Zer egin duzu? Nola deskribatuko zenuke zure hitzekin egun hauetan egin duzuna?

2) Zeintzuk ziren planteatutako atazarekin hasi aurretik zenituen aurre-ezagutzak? Zer dakizu orain gaiari buruz? Zenbat ikasi duzu honi buruz?

3) Zein urrats jarraitu dituzu zehaztutako helburura lortzeko? Jasotako laguntzatik zenbat ulertu dut? Zein urratsetan behar izan duzu denbora gehiago? Zer zailtasunekin topatu zara? Nola egin duzu zailtasun horiek gainditzeko?

4) Zure iritziz, ba al dago beste modurik egin duzuna egiteko? Zehaztu dezakezu zein edo zeintzuk? Ziur al zaude zure proposamenarekin?

5) Zenbateko interesarekin burutu duzu zure lana? Behar zuen arreta eta kontzentrazioa eskaini diozu?

6) Non uste duzu ibili zarela okerrago? Zein arlo zehatzetan iruditzen zaizu daukazula hobetzeko? Zer proposatzen diozu zure buruari egitea hori horrela izateko?

Kontua ez da galdera bakoitzari zuzenean erantzuten joatea. Helburua da galdera horien inguruan balorazio pertsonal sakon bat egitea eta balorazio pertsonal hori idatziz azpiko moduluan jasotzea. Horretarako, egin klik "Crear entrada" izeneko botoian eta jarraian idatzi zure balorazio pertsonala.