Ebaluazioa

Sekuentzia honen ebaluazioa nagusiki kualitatiboa eta formatiboa izango da eta lau bloke nagusitan banatuta egongo da:

  • Jarraitu duzuen prozesuaren behaketaren ondorioak informean jasoko dira.
  • Amaierako aurkezpenaren aurretik, prestatu duzuenaren inguruan aurre-ebaluazio bat burutuko dugu, egon daitezkeen hobekuntzak identifikatu eta konpontzeko.
  • Hobekuntzak ezarri ondoren, amaierako lanaren ebaluazioa egin zaizue.
  • Azkenik, sekuentziaren amaiera bezala, burutu duzuen lanaren inguruan hausnarketa pertsonala egitea tokatuko zaizue.

A) Prozesuaren jarraipena

Amaiera arte egin duzuen bidearen jarraipena egingo zaizue, banan-bana burutzen joan zareten jardueretan nola moldatu zareten behatuz. Behaketa honen bitartez hiru dira, batez ere, baloratu nahi zaizkizuen helburuak:

  • Autonomiaz aritu zareten jarduerak gauzatzerakoan.
  • Proposatzen zaizkizuen ohar, jarraibide eta aholkuei eskaini dizkiezuen arreta.
  • Epe-mugak noraino errespetatu dituzuen.

Ebaluazioa irakasleak egingo du eta jasotako balorazioa, ebaluazio informean jasoko da.

B) Aurre-ebaluazioa

Azkeneko jarduerari heldu baino lehen, ibilbidearen erdian alegia, ordurarte egindakoaren aurre-ebaluazio bat egingo dugu. Aurre-ebaluazio honen helburua, aurkezpen egunaren aurretik egon daitezkeen hobekuntza eta egokitzapenak identifikatzea izango da. Hobekuntza proposamenak aurkezpenaren hiru alderdi nagusien inguruan egingo dira, ahal nola, aurkeztutakoaren gidoia, erabilitako aurkezpen digitala eta hitzik gabeko komunikazioarekin lotutakoak.

Aurre-ebaluazio hau azpiko kontrol-zerrendaren bitartez egingo da entsegu orokorraren egunean. Zuetako bakoitzak prestatu duen aurkezpena pribatuan aurkeztuko du irakaslearen aurrean. Aurkezpena bideoan grabatuko da eta amaieran USB batean jasota emango zaizue. Honekin batera irakasleak beteko duen azpiko kontrol zerrenda emango zaizue. Honen bitartez, goiko paragrafoan aipatzen diren hiru alderdien jarraipena egingo zaizue.. Zerrendatik kanpo, aipamen bereziren bat jaso beharko balitz, hauek azpiko koadroan jasoko dira.

Entsegu orokorra amaitutakoan, har ezazue bideoa eta kontrol-zerrenda eta analizatu itzazue proposatzen zaizkizuen hobekuntzak. Saiatu hauek hobetzen, aurkezpen egunean kaxkarrago atera zaizkizuen alderdi hauek berriro ager ez daitezen.


C) Jendaurreko ahozko aurkezpenaren ebaluazioa

Aurkezpena, aurretik esan bezala, areto gelan izango da, entzuleria gelako kide eta irakasleok osatuta egongo delarik (baliteke azken orduko sorpresatxoren bat ere egotea entzuleen artean).

Aurkezpen bakoitzaren aurretik, entzule bakoitzari azpiko balorazio matrize bana banatuko zaie. Aurkezpena amaitzerakoan, entzuleek euren balorazioa jasoko dute bertan eta irakasleak guztiak bilduko ditu, bertatik ondorio orokorrak jaso ahal izateko. Ondorio hauek izango dira gero, gurasoei emango zaien informean agertuko direnak.


D) Autoebaluazioa

Azkenik, behin sekuentzia amaituta dagoenean, zuen balorazio pertsonala egiteko unea helduko da. Gogoeta horretan hasieratik amaiera arte bizi izan duzunaren inguruan auto-ebaluazio kritiko bat egitea eskatuko zaizu. Gogoeta honetatik zure buruari ezarriko dizkiozun hobekuntzak hurrengo proiektuei aurre egiterakoan izango dituzun erronka nagusiak bihurtuko dira.

Autoebaluazioa egiteko gida baita zure gogoeta idatziz jasotzeko gunea ere ondorioen atalean aurkituko duzu.