Aurkezpena

Atal honetan bildu ditugu Heziberri 2020 hezkuntza ereduaren arabera Berritzegune Nagusiak egindako unitate didaktikoak formatu digitalean.

Sekuentzia didaktiko hauek metodologia aktiboa dute oinarrian eta Unitate didaktikoak egiteko eta ebaluatzeko gidaren arabera daude garatuak. Ikasleek testuinguru batean txertatutako arazo batetik abiatuta, erronka bati aurre egingo diote. Unitateetan, prozesu bati jarraituz, ataza bat burutuko dute ikasleek.

Unitate batzuk berriak dira, beste batzuk, berriz, Berritzegune Nagusiak eta irakasle talde batek duela urte batzuk Oinarrizko Gaitasunak garatzeko egin zituzten sekuentzia didaktikoen moldaketak.

Unitate didaktikoen egiturak bi atal ditu:

  • ikasleentzako materiala: gelako jardueren segida. Haur Hezkuntzako kasuan, unitate didaktiko osoa irakasleentzako gida da.

  • planteamendu didaktikoa: arazo-egoeraren deskripzioa, unitatearen xedea, helburu didaktikoak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak

Sarean erraz topa daitezkeen askotariko baliabideak dituzte (irudiak, audioak, bideoak, testuakā€¦) eta adibide gisa proposatzen dira, proiektu bidezko unitate didaktikoen ezaugarriak ikusarazteko. Webgune honetan jasotakoek, adibide diren neurrian, tokian tokiko egokitzapenak behar dituzte.