Ezagutzea, zaintzeko eta helarazteko





















Herrialde baten ondarea hainbat ondasun eta baliok osatuta dago; horrelakoak naturalak zein kulturalak, historikoak edo bestelakoak ere izan daitezke. Belaunaldiz belaunaldi transmititu dira horiek, eta pertsonengan zein gizartean askotariko onurak eragiten dituzte: ekonomikoak, kulturalak, espiritualak; horrez gain, nortasun-elementua ere badira.

ARAZO-EGOERA:

Galdakaok kultur ondare izendatu nahi du Merkadilloko zubia

 


Galdakaoko Udalaren osoko bilkurak gaur arratsaldean mozio bat eztabaidatu behar du Merkadilloko industrialdeko zubia aurrerantzean ere izan dadin udalerriko ondare historikoaren osagai. Erdi Aroko harrizko zubi horri eusteko proposamena Bengoetxeko auzo-elkarteak egin zuen, zubia auzo horretan baitago. Haren ordezkariak Udalean ordezkaritza duten talde politikoen ordezkariekin bildu ziren duela aste batzuk, laguntza eske, Ibaizabal ibaia bideratzeko lanen ondorioz luzaro auzoko sarbide bakarra izan zen zubia eraits ez zezaten.

 

«Gure ustez, babestu beharrekoa da zubia. Bidaiatzen dugunean ikusitako gauzak miresten ditugu sarritan, baina etxean gauza bat eduki eta hori eraitsi behar dugu», adierazi du elkarteko presidente Mari Paz Losadak.

Eskaeraren ostean, aurkeztutako mozioa alderdiek gaur onartzea espero du elkarteak. Merkadilloko zubia kultur ondare izendatzeko eta Galdakaoko eraikin berezien katalogoan jasotzeko izapideei ekiteko asmoaren berri ematen du Udalbatzak mozioan.

Adierazpen horri esker Udalak URA Uraren Euskal Agentziari eskatuko lioke zubia errespetatzeko, inguru horretan uholdeak saihesteko abian jarritako bideratze-proiektuaren lanak gorabehera.

Horrez gain, zubia kultur ondare bihurtuta, udal arduradunek zubia hobetzea eta zaintzea planteatu beharko lukete, denboraren joanaren ondorioz zulo asko dituelako eta ehun urtetik gorako harri batzuk uretara erori direlako. «Zubiaren alde eginez gero, horren arabera jokatu eta berreraikitzea bultzatu beharko genuke», azaldu dute udal-iturriek.

Izan ere, udalerriko Erdi Aroko monumentuen artean ez dago Merkadilloko zubia bakarrik (erromanikoa da, profil bizkarduna du eta lau zubi-begi ditu).

Bekea eta Torrezabalekoek zutik diraute oraindik, iragandako mendeen lekuko. Lehena, Puentelatorre, 2006an konpondu zuten, 1983ko uholdeen ondorioz ez baitzegoen zubi hori erabiltzerik.

ATAZA:

Bengoetxeko auzo-elkartearekin elkarlanean proposamenak aurkeztea udaleko osoko bilkurari Merkadilloko zubia Kultur Ondare Kalifikatu izendatu dezaten.

Zuen helburua lortzeko landu eta erakundeen aurrean aurkeztu duzuen material guztia herriko kultura-aretoan erakustea.

Proposatutako ataza egiteko:

  • Lantalde gisa lan-plan bat zehaztu behar duzue.
  • Lana banaka eta taldean egingo duzue.
  • Babestu nahi duzuen ondare-elementuari buruzko informazio idatzia, grafikoa, ikus-entzunezkoa eta abar bilduko dituzue. Arazo-egoeran dago jasota ondare hori.
  • Ondare-elementuari buruzko txostena egingo duzue. (I. eranskina)
  • Galdetegi bat prestatuko duzue, eta herritarren artean sinadurak bilduko dituzue zuen ekimena babesteko.
  • Gutun batean (II. eranskina), sinadurak eta egindako txostena zuen herriko alkateari eta kulturako zinegotziari igorriko dizkiezue, osoko bilkurak onar dezan Eusko Jaurlaritzako Kultura edo Ingurumen Sailari eskatzea Merkadilloko zubia babestutako ondare izendatzeko.
  • Antzeko adibideak bilatzea eta aurkeztea, beste talde batzuek horrelako egoeretan nola jokatu duten eta zer argudio erabili dituzten ezagutzeko. (III. eranskina)
  • Jarraitutako prozesua eta ikaskuntza ebaluatuko dituzue, baita zer ikasi duzuen ere.