EUSKARAZ‎ > ‎

LGTBI

 LGTBI fobiaren kontrako aldarrikapena

Maiatzaren 17a, Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko eguna


1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) buru-gaixotasunen zerrendatik atera zuen homosexualitatea. Gertakari historikoa izan zen; funtsezko mugarria, lesbiana, gay, bisexual eta transexualen kolektiboaren (LGBT) borrokan. Hori dela eta, 11 urtetik hona, aipatu kolektiboak maiatzaren 17an Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko eguna ospatzen du urtero.

 Azken urteotan, legeetan aurrerabide garrantzitsuak gertatu dira eskubideak parekatzeari dagokionez, eta, horren ondorioz, jende askok uste du dagoeneko ez dela diskriminaziorik gertatzen. Hala ere, legezko berdintasuna abiapuntua baino ez da berdintasun sozialera iristeko; "LGBTfobia" deiturikoa, aurreiritziak, uste okerrak, estereotipoak, bazterkeria eta gorrotoa, oraindik ere hor daude euskal gizartearen sektore batean.

 LGTB pertsonak, bikoteak eta familiak askotan behartuta sentitzen dira ikusezintasunean ezkutatzera, fobia horien aurrean babestu ahal izateko. Horrek agerian uzten du ez dagoela benetako askatasunik sexualitatea berdintasunez eta diskriminaziorik gabe bizitzeko eta adierazteko. Beraz, ez gara erori behar ustezko berdintasun sozial baten ilusioan, oraindik ere bide luzea egin behar baitugu.

Gero eta herrialde eta erakunde gehiagotan, gaurko data funtsezkoa da sexu-orientazioan eta genero-identitatean oinarritutako diskriminazioaren kontrako konpromisoa berresteko. Homofobia, lesbofobia eta transfobiaren kontrako borroka, azken batean, berdintasunaren aldeko borroka da, duintasunaren eta pertsona guztien eskubideen aldeko borroka. Diskriminazio mota guztien kontra egiten dugun ahalegin oro aurrerabide kolektibo bat izango da, zuzentasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako gizarte baterantz.

  

Iturria: Eusko Jaurlaritza


Comments