eY I N de Y A Ne

 

     Español    English

EiTB Kultura - "vagaMUNDI"


5garren Antzezleak Prestatzeko Nazioarteko Laborategia:

 " MUGIMENDUAK,

DINAMIKAK eta

MASKAREN JOLASA" 

Laudion, 27/08/2012tik - 05/10/2012ra 

Aktore Profesionalei eta engaiatutako aktore amateurri zuzendua (Desplazatu Behar duten ikasleek diru-laguntzak jasotzeko aukera izango dute)

Informazio Gehiagorako:
yindeyan(a)gmail.com




1 - Aurkezpena :



Gorputza hezi egin behar da hitzari bide emateko”


Isiltasunean habia egiten jakin behar da hitzari bide emateko. Gorputza komunikabide oinarrizkoena da, eta hitza jaso eta merezi duen lekua emateko prest egon behar du. Emozioak sortzeko gorputza erabiltzen badugu, hitzak berez hartuko du dagokion lekua.



Aktoreak erabiltzen duen teknika edozein delarik ere, helburua berbera da beti: beste baten gorputzean habia egitea. “Pertsonaia” bilakatzeko, norbere burua abandonatzeko gai izan behar dugu.


Maskarak pertsonaia nor den eta gu nor garen argi izateko balio digu. Maskarek pertsonaia inposatzen digute: mugitzeko modua, erritmoa, izaera, etab. Aktorearen berezko edozein keinu, maskarari ez dagokiona, agerian geratzen da. Maskarak bizia har dezan, norbere gorputzaren jabe izan, norbere berezitasunak alboratu eta maskararenak geure egiteko gai izan behar dugu. Maskarak mugitu behar gaitu gu, eta ez guk maskara.


Sormen prozesuan, aktoreak proposamenak egiteko gai izan behar du”


Aktore-sortzailea inspirazio iturriak ezagutzeko eta inspirazio iturri hauek antzerki-hizkuntza bihurtzeko gai da. Mugimenduaren analisiaren bitartez, inguruan ditugun, eta pertsonaiak eta egoerak sortzeko prozesuaren oinarrian dauden elementuen dinamikak imitatu / zainduko ditugu. Inprobisazioari esker, hastapeneko bulkadaren askapena landuko dugu. Talde lanak, aurretik ikasitakoan oinarritutako antzerki-egoerak sortzeko aukera emango digu.


"Aktorea mendi bat izan daiteke metroan”

Dekoratu errealistak, eraldatzeko aukerarik ematen ez duten forma finkoak dira. Antzerki pobrearen eta espazio hutsen printzipioek gidatuko dute gure lana. Dekoratuen erabilpena albo batera utziko dugu, gorputza adierazpen bide nagusia izan dadin. Aktoreak, bere gorputzaren erabilpen soilarekin, ikuslea hainbat espazio eta denboretan zehar eramateko gai izan behar du.

"Mugimendua= Abiadura + Espazioa"

Zein da emozioen norabidea? Zeintzuk dira mugimenduaren mailak? Zein gorputz atali dagokio emozio bakoitza? Zein da espazioak antzerki-ekintzan daukan eragina? Espazioaren analisiaren bitartez, galdera hauen guztien erantzunak bilatuko ditugu.

 

2 – Mugimenduak, Dinamikak eta Maskaren Jolasa :

   Antzerkia ekintza da, aditza, mugimendua. Mugimendua eta dinamikak aztertuko ditugu, eta antzerki-hizkuntzan nola aplikatu behar diren ikasiko dugu.

   Ikastaroa hainbat fasetan banatzen da. Eguneroko bizitzaren formen, zein ikasleak berak sortutako egituren dinamikak aztertzen hasiko gara, eta maskaren hizkuntzaren bitartez, ikasitakoaren aplikazio eszenikoa egiten amaituko dugu.

    Sei asteko lan-saioak izango dira, astean bost egunez eta egunean bost orduz (150 ordu). Gorputza aktibatzeko, saioei jarduera fisikoekin hasiera emango diegu. Ondoren, mimoaren inguruko teknika eta mugimenduen analisia egingo dugu. Azkenik, maskaren azterketari eskainitako tartea etorriko da. Egingo den lan guztiak bi ardatz izango ditu: inprobisazioa eta mugimenduaren analisia.

 - Inprobisazioa sormen-prozesu guztien oinarrian dago. Hastapeneko bulkadaren, neurtu gabeko erantzunaren askapena landuko dugu, eta ondoren, ekimen hau taldean aztertuko dugu, ikaslearen gaitasun analitikoa lantzeko. Inprobisazioak sormen-prozesuan dituen aplikazioak zeintzuk diren ezagutuko dugu.

   - Mugimenduen analisiak hainbat arlotan lagunduko dio aktoreari: bere gorputzaren kontzientzia hartuko du, adierazteko gaitasuna garatuko du, eta pertsonaien sorrerarako ezinbestekoak diren gorputz-bulkadak ezagutzen lagunduko dio. Mimesi lan baten bitartez, gure inguruko dinamikak antzeztuko ditugu, aktorearen behatzeko gaitasuna pizteko eta dinamika hauek gorputzaren bitartez bere egiteko gaitasuna lantzeko xedez. 

Aldi berean, egituren, formen eta bolumenen analisia bidaide izango dugu, sinpleenetatik hasi eta konplexuenetaraino. maskaren lanerako eta euren bolumenaren zein pertsonaiaren izaeran daukaten eraginaren ezagutzarako sarrera gisa, egiturak baliatuko ditugu. Egiturekin egiten dugun lanean mugimenduaren zehaztasuna bilatuko dugu. Ondoren, maskarekin egiten diren egoera-jolasetara jauzi egingo dugu, eta aktoreak lan jolasgarriagoa egiteko aukera izango du.

- Lan honekin batera, Espazioaren analisia egingo dugu. Espazioaren ezagutza, aurretik aipatu den guztia ulertzeko ezinbesteka gakoa da. Espazioan, irrikek, emozioek eta pertsonaiek dituzten norabideak zeintzuk diren ezagutuko dugu.

Ikasleek sormen-prozesuari aurre egin beharko diote ikastaro osoan zehar. Egoera honek, bidean aurkitzen dituzten arazoen konponbideak bilatzeko atakan jarriko ditu. Irtenbide indibidualak izango dira batzutan, eta ikaskideen laguntza bilatuta bestetan. Prozesu honek, aktore-sortzailea gaitasun kritiko bat garatzera eramango du, taldearen zerbitzura jarriko duena. Aktoreak proposamenak egiten, bere ideiak defendatzen eta gainontzekoen proposamenak aintzat hartzen ikasiko du. Ideien elkartruke hau sormen prozesuan behar-beharrezkoa da; bidenabar, lana aztertzen lagunduko digu, eta izpiritu kritikoa sustatzeko balio du. Ikastaroan atzerriko ikasleek parte hartuko dute, eta horrela, artisten arteko elkartrukea aberastu egingo da.

Ikastaroan zehar, lan sortzaile eta poetikoagoa egiten ahalbidetuko diguten maskaren forma abstraktuenetatik, joko eszenikoaren arauak zehaztera derrigortuko gaituzten forma zehatzagoetarainoko ibilbidea egingo dugu. Bidean a

urkituko ditugu: maskara-objektuak, larba-aldiko maskarak eta maskara osatuak, eta ikasleek sortutako maskara-erdiak. Azkeneko hauek, hitza eszenara eramango duten bitartekoak izango dira.

 3 – Ikastaroaren helburua :

   Aktore-sortzailea inspirazio-iturriak gorputzeko motorretan, eta ez psikologian, bilatzeko gai izan dadin trebatu nahi dugu. Mugimenduaren dinamikak ezagutuko dituen, eta dinamika hauek, bere gorputzaren eta espazioaren erabilpenaren bidez, antzerki-hizkuntzara eramateko gai izango den aktore-sortzailea. Margolariari kolore-paleta emango diogu eta pintzela nola erabili irakatsiko diogu. Margotu nahi duen koadro mota ikaslearen erabakia izango da. Euren lanean, pertsonaiak zein eszenak sortzeko, buruaskiak diren aktoreak hezi nahi ditugu eta antzerki-hizkuntza berriak bilatzeko interesa daukatenak. 

Ikastaroaren nazioarteko izaerak Mugimenduaren legeak unibertsalak direla konturatzeko balioko digu. Tokiko adierazpenak eta adierazpen unibertsalak ezagutzen/desberdintzen ikasiko dugu. Emozio unibertsal bat ezagutzera iristen garenean, hondo poetiko komuna ukitzera iritsiko gara. Arlo hau da sakondu nahi duguna.

  Probokaziotik eta bitartekoen gabeziatik lan egiten dugu, ikuslearentzat interesgarria izango den artifiziorik gabeko antzerkia sortzeko. Aktoreak, publikoaren aurrean “biluzik” agertu, eta interesa pizteko gai izan behar du, bere gorputza eta Mugimenduaren dinamiken gaineko ezagutza soilik erabilita, bere gorputza adierazteko bitarteko soiltzat hartuta.  


4 – Lan-talde pedagogikoa :

   Ikastaroaren antolatzailea Pablo Ibarluzea da, Laudion jaioa eta Pariseko École Internationale de Théâtre Jacques Lecoq eta Bartzelonako Estudis Escénics El Timbal-en diplomatua.

Espainia, Frantzia, Irlanda, Belgika, Holanda, Alemania, Suitza, Italia, Suedia, AEB, Kanada, Brasil eta Txekiar Errepublikan aritu da aktore-lanetan. Hainbat testu sortu ditu eta esperientzia zabala dauka sormen-kolektiboko lanetan. Bere ibilbide profesionala inprobisazioaren, sormen-kolektiboaren eta gorputzarekin lotutako lanaren eskutik garatu da.

Pedagogiaren esparruan, interpretazio, gorputz-adierazpen eta mimoarekin lotutako ikastaroak eman ditu bi urte baino gehiagoz Generalitat de Catalunya-ren hainbat zentro elkartutan. Zentro hauetan eszena-zuzendari lanak ere burutu ditu.  



Informazio Gehiagorako:

yindeyan(a)gmail.com