EUskal DIAlektologia‎ > ‎Aurkibidea‎ > ‎

Nor garen

EDAK ikerketa-proiektua EUDIA ikerketa-taldea une honetan garatzen ari den proiektua da. Proiektu hau MEC-en ikerketa-proiektuen 2006ko deialdira aurkeztu zen eta Ministerioaren babesa lortu zuen. “Euskara dialektalaren ahozko corpusa / Corpus oral del euskara dialectal (EDAK-CODEUS)” da proiektuaren izen oso eta ofiziala.

 

            Proiektu honen inguruan hainbat irakasle eta ikasle biltzen dira Gotzon Aurrekoetxearen gidaritzapean. Irakasleen artean “Txipi” Ormaetxea (EHU), Patxi Salaberri (EHU), Jesus Mari Makatzaga (EHU) eta Xarles Videgain (Université de Pau et des Pays de l’Adour-UPPA) aurkitzen dira; bestalde, Aitor Iglesias eta Imanol García doktoregaiak; Mathieu Lazkano eta Aitziber Zugarramurdi Iparraldeko ertainetako irakasleak; eta EHUko Ekaitz Santazilia, Borja Ariztimuño eta Lorea Unamuno ikasle kolaboratzaileak.

 

            Ikerketa-talde hau oso gaztea da, 2008an aitortu dio EHU-k ikerketa-talde izaera, baina 2001ean sortu zenetik ari da ikerketa proiektu desberdinak garatzen.

 

            EUDIAren helburuen artean euskararen bariazioa ikertzea da, bere zentzu zabalenean; izan dadin bariazio geolinguistikoa, zein bariazio soziolinguistikoa; izan dadin lexikoa, fonologikoa (segmentala zein prosodikoa), morfologikoa zein sintaktikoa.

 

            Abiapuntua bariazio geolinguistikoa izan bazen ere (Bourciez proiektuak), ondoren bariazio geolinguistiko eta soziolinguistikoa uztartu ditu proiektu desberdinetan (EAS-1, EAS-2 eta EDAK-CODEUS).

           

            Bigarren helburu nagusia bariazioa ikertzeko tresna informatikoak garatzea du. Ezinbestekotzat jotzen du ikerketa-talde honek hizkuntza bariazioaren ikerketan aurreratzeko tresna automatizatuak erabilzea. Egun merkatuan diren eta erabiltzen diren tresna informatikoak (transkribapenen laguntzarako tresnak, grabaketetarako tresnak, soinua anotatu eta markatzeko tresnak, bariazioa ikertzeko tresna…)  erabiltzeaz gain, eskuartean tresna berria garatzeko konpromisoa hartua du eta behar diren baliabide ekonomikoak ere eskuratu ditu.

 

            Ikerketa-taldeak Euskal Herrian hizkuntza bariazioaz egiten diren proiektuekin harreman sendoak izan nahi ditu, metodologia eta tresneria-programeria konpartitzeko gogoz.